UEUk Sormenerako Hezkuntza, artea esperimentatuz ikastaroa antolatu du Udazken honetan online. Bittor Camarari, ikastaroko irakasleari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaroaren helburu nagusia, akademikoez kanpo, sormenaren garrantzia suspertu eta gure eguneroko bizitzan duen erabilgarritasuna erakustea da. Azken aldian, sormenak hainbat esparrutan jasaten ari den igoerak, beronen errealitatea aldarazi du. Industrian, ekonomian, aisialdian, denok nahi dugu sortzaile bihurtu, albokoek egiten dutenaren pareko ez den edozer berri asmatu eta horretaz gozatzea da gure egungo bizitzaren momentu askotako helburu nagusia. Ordea, gaur egungo gizarteak jasaten duen ikus entzunezko bizigarri uholdeak oso zaila egiten du helburu hori lortzea, hots, hedabideek, telebista, irrati edota aldizkari (tradizionalak zein digitalak) ez digute usten inolako lekurik gure burmuinean edonolako ideia berriak sortzeko. Beraz, ikastaro honetan, bakoitzaren sormena berreskuratzea da helburu nagusia, horretarako jolas edo teknika ezberdinak landuko direlarik.
Zergatik da garrantzitsua sormena lantzea? Sormena, gizaki egiten gaituen ezaugarri nagusietako bat da. Berez, gure arbasoetatik jaso izan dugun sen primitiboetako bat da, zutik gure burua mantentzearen parekoa. Sormena da, gizateriaren oinarri eta baita gizakien eboluzioaren eragile nagusietako bat. Hala eta guztiz ere, lehen aipatu bezala gaur egungo gizartea alde guztietatik asebeteta agertzen da eta sormen aldetik baita ere. Beraz gaur, beharbada inoiz baino garrantzitsuagoa da, bakoitzaren sormena lantzea, nire aburuz, izaera inkonformista erakusten duen joera da egunotan sormena lantzea. Pentsa dezagun gure umeengan, beraiek baitira edozein testuinguru egonda ere, sormena bizi-bizi mantentzen dutenak, bada, egunotan gure umeak guretzako arazo bat izan ez daitezen telebista edo tableten aurrean ezartzen ditugu gu lasai asko egoteko. Honek ordea, badu bere ordaina, ez baitugu guztiz kontrolatzen gure umeen sormena jorratzen duten elementuak eta are gehiago esango nuke, ez gara konturatzen nolatan gizarte kontsumistak eta bere elementuek deuseztatzeen dituzten beraien sormen ahalmenak, gizabanako helduak bihurtu arte.
Denok al gara sortzaileak? Sen primitiboa den aldetik, danok dugu sortzeko ahalmena. Lehen esan bezala, umeetan askozaz errazago da ahalmen hori antzematea. Pertsona helduek zailago izaten dugu, gutxienez gure ipar-mendebaldeko pentsamoldean, sormena aurkitzeko, gure barnean izan badugu, baina ume ginenetik gure inguruneak geroz eta barruago egotera behartu dute. Denok gara sortzaile eta egunero antzeman dezakegu, goizetan gure arropak aukeratzerakoan, egun horretako itxura sortzen ari gara; arratsaldero, erosketak egitera goazenean, gure janari menua sortzen ari gara; gauean, telebista ikusiz, liburu bat irakurtzen edota film bat ikusiaz, gure ametsak sortzen ari gara. Argi dago gure sormena kasu askotan aukeratzeari murrizten dela, arropa, janaria edota liburua, honetan datza, kapitalismoa eta kontsumismoaren indarra, hala eta guztiz ere, sortzen ari gara. Sen primitibo horren aurka egitea ezinezkoa baita.
Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroak? Ikastaroa on-line edo internet bidez landuko dugu. Beharbada ez da honelako ikastaro batentzako metodologiarik egokiena, baina jakina, egungo gizartean ez dugu denborarik galtzeko (niretzako hobe esanda inbertitzeko) probetxugabeko edozertan. Hala ere, ahalegindu naiz, ikastaro honen erabilgarritasunean sakontzen internet bidezko ariketa interesgarriekin. Ikastaroa 5 modulutan bananduta dago, lehena aurrez aurreko saio batean landuko dugu. Ondoren, bost aste emango dira lanean on-line, lau modulutan, lehenengo hirurak, ariketa praktikoen bitartez landuko dira, bukaerako bi asteetan zehar landuko den proiektuaren lehen atalak osatuko dutelarik. Ikastaroa bukatzeko azken aurrez aurreko saio bat izango dugu bukaerako proiektuen emaitzak elkarbanatzeko. Ikastaroak irauten duen bitartean, ikasleek nirekin izango duten konexioa zuzena izango da, edonolako zalantzak eta direlakoak planteatu ahal izango dituztelarik.
Nori zuzenduta dago ikastaroa? Niregatik, edozein motatako pertsonari zuzenduko zen, baina, funtzionalitatea dela medio, pixka bata zehaztu behar izan dugu, azkenik, edozein mailatako irakasleei, Begiraleei, Monitoreei eta Gurasoei eskaintzen zaie batez ere, baina lehen esan bezala, edonolako pertsonak dauka ikastarora hurbiltzea. Argi utzi nahiko nuke, ikastaroa egiteko ez dela beharrezkoa inolako gaitasun berezirik edukitzea, ez sormena eta ezta arte esperimentazioari buruzkoa. Sormena bakoitzaren baitan dagoen sen primitibo horren aztarnetatik landuko baitugu eta bigarrena lantzeko ezinbestekoa den bakarra da askatasuna batez ere mentala baina baita ere fisikoa. Horretaz gain ikasleek material gutxi behar izango dituzte ikastaroa aurrera ateratzeko, askatasuna, umorea, sormena, orokorrean ume izango balira jokatu beharko dute ikastaroa aurrera ateratzeko. Ikastaroaren helburu nagusia ume izatera bueltatzea dela esan dezaket.
Iruzkinak (2)