Edurne Larraza: “Programazioa ikasgai gehienetan -eta pixka bat ausarta izanik- guztietan erabil daitekeela esango nuke”

UEUk Ordenagailuak programatzen txiki-txikitatik on-line ikastaroa antolatu du udazken honetan. Edurne Larrazari, ikastaroko arduradunari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Little-Girl-using-Sratch-Jr.Zein gaitasun eskura dezakete haur eta gazteek ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala ezagutuz? Pentsaera konputazionalak gaitasun asko barneratzen ditu esate baterako problemen deskonposaketa eta ebazpena, algoritmika, abstrakzioa. Eta programatzen ikasteak gaitasun horiek lortzen laguntzen du. Izan ere programatzea, problema zehatz bati erantzuna ematean datza, eta gainera, ez edonola, konputagailu batek ebazteko moduan.

Ikasgai guztietan txertatu daiteke edo beharko litzateke ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala? Esan bezala, programazioa, pentsaera konputazionalean azaltzen diren gaitasunak eskuratzeko bide bat da, baina ez bakarra. Programazioa ikasgai gehienetan eta pixka bat ausarta izanik guztietan erabil daitekeela esango nuke. Hainbat curriculumetan txertatuta dago dagoeneko, modu ezberdinetan. Erresuma batuan adibidez ikasgai berri bat sortu dute eta Finlandian matematikako ikasgaian sartu dute. Azken hauek hala ere dagoeneko dokumentatu dute egokiagoa litzatekeela ikasgai propioa izatea.

Gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira ordenagailuak ikasgeletan, baina egoki erabiltzen dira? Nik ez nuke esango ematen zaien erabilera okerra denik, baina hutsune bat ikusten dut. Ordenagailuen erabilera sustatu ez ezik, funtzionamendua zein den ere azaldu eta irakatsi beharko litzateke. Ikasleek curriculumean azaltzen diren zientziak ikastea beharrezkoa ikusten da zientzia horiek eragin zuzena daukatelako gure bizitzan. Orduan, zergatik ez da informatika, zientzia gisa ere curriculumean sartzen? Ordenagailuen funtzionamendua eta logika ezagututa, tresna horiei etekin handiagoa ateratzea dago, sortzaile izan daiteke eta ez soilik besteek sortzen dutenaren erabiltzaile.

Heziberri 2020 curriculumak zein neurri txertatu ditu alor hau garatze bidean? Ikasgai guztietan zeharka lantzen omen dira gaitasun digitalak Heziberri 2020 curriculumaren bidez, baina nire ustez, informatika zientzia gisa ez da behar bezala lantzen. Batxilergoan, hautazko ikasgai batean bakarrik azaltzen da programazioa, baina informatika programazioa baino askoz gehiago da. Ikasleek jakin behar dute zeintzuk diren informatikaren oinarriak haien etorkizuneko lanbidea emango dizkien ikasketak argumentu sendoa erabaki ahal izateko. Hori ezin da egin bakarrik batxilergoko hautazko batean ikasitakoan oinarrituta.

Neurri horiek nahikoak dira ala beste urrats batzuk eman beharko liratekeela iruditzen zaizu? Mundu osoan dago egun mugimendua gai honen inguruan. Erresuma batuan bi urte daramate curriculumean txertatuta informatikako ikasgaia. Finlandian aurten hasi dira matematikako ikasgaian txertaturik informatika lantzen. Pare bat aipatzearren. Hainbat mugimendu daude umeei informatika eta programazioa irakasteko: informatikako kontzeptuak ordenagailurik gabe irakasteko (CSUnplugged), kontzeptu horiek ikasten dibertigarria izan dadin (CS4fun), programatzen ikasteko (code.org), eta gehiegi ez luzatzeagatik ez dut jarraituko. El dugu gurpila asmatu beharrik, baina bai aztertu gure testuinguruan nola erabili daitezkeen tresna hauek etorkizunean gai honetan ere, ongi formatutako gizartea izan dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude