Lorena Egidazu: “Zenbakiak asmakizuna dira, kantitatea, aldiz, egunerokotasunean sentitu eta ukitzen duguna”

UEUren udazkeneko online eskaintzaren barruan “Kolorezko zenbakiak. Matematika lantzen erregeleten bidez” izeneko ikastaroa izango da. Erregeletak edo kolorezko zenbakiak George Cuisenaire irakasle eta musikariak asmatu zituen XX. mendeko 40ko hamarkadan. Musika irakasteko sortu zituen berak, baina laster konturatu zen kalkulurako zuten balioaz. Material horrek eskaintzen dituen aukeren berri Lorena Egidazu Ormazabal ikastaroko arduradunak eman digu.

 

Manipulatu, irudikatu eta azkenik idatzi. Ordena horretan?
Oso ondo idatzi duzu ordena. Bruner psikologoak esaten duen bezala, ikas prozesuak hiru atal ditu, manipulatu, irudikatu eta azkenik errepresentazio matematikoa edo bizi, imajinatu eta, azkenik , idatzi.

Zenbakiak asmakizun bat dira, idazteko era bat da, kantitatea aldiz, egunerokotasunean sentitu eta ukitzen duguna. Askotan bi kontzeptu hauek nahasten ditugu eta zenbakien ordena jakitea eta izendatzea, zenbakiak ezagutzea dela uste dugu. Horregatik umeek manipulatu behar dute.

Nola adierazi genezake sentitzen den gauza bat aurretik sentitu ez badugu? Ni gose naizela badakit aurretik bizi izan dudalako eta beraz gose naizela adierazi dezaket, bai ahoz bai idatziz.

Abstrakziora ez genuke bat-batean salto egin behar. Helmuga behar luke eta ez abiapuntua.
Abstrakzio lortu egin behar da, eta askok ez dute lortzen. Hori argi ikusten da aljebra ikasi behar dutenean, jada ez dago zenbakirik, kantitateak letrez adierazten dira, abstrakzio maila ona ez badute ez dute argi ikusiko ezer.

Bide horretan zer landu behar luke haurrak? Zer da zure ustez garrantzitsuena? Garrantzitsuena? Nik esango nuke bizitzea dela garrantzitsuena. Imajinatu haur bat makilekin jolasten, askok pentsatuko lukete jolasten dagoela bakarrik, denbora pasatzen, baina hori ez da zuzena. Makilak konparatzen dabil, luzeraren arabera, lodieraren arabera, erlazioak ateratzen dabil, seguruenik bere buruan problema bat askatzen ere badabil eta gu ondoan galdera egokiak egiten egonez gero, martxan jarriko dugu beraien ikas prozesua.

Haurrek bikoteak egin, sailkatu, ezaugarriak jarri, hitzez adierazi, ezaugarriak aldatu …manipulatu behar dute.

Ikastaro honetan kolorezko zenbakiak edo erregeletak erabiliko dituzu matematikak lantzeko. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuna?
Ikastaroa atal desberdinetan banatu dugu. Hasiera baten erregeletak nola sartuko ditugun ikas prozesuan azalduko diet. Zenbakiaren kontzepturantz gerturatuko gara, manipulatuz, kantitatea landuz. Zenbakiak ulertuko ditugu, deskonposaketaren bitartez. Deskonposaketa garrantzitsua da eta ez da apenas lantzen. Sistema hamartarra erregeleten bidez nola landu genezakeen ikusi eta azkenik eragiketen munduan sartuko gara: batuketa, kenketa, biderketa, zatiketa, zatikiak, zatigarritasuna. Erregleten programazio posible bat ere azalduko dut.

Ikastaroa online izango da, baina aurrez aurreko saio bi ere izango dira. Zein izango da metodologia?
Aurrez aurreko saioak aurpegiak jartzeko erabiltzen ditut. Parte hartzaileak ni ezagutzeko eta nik beraiek ezagutzeko. Online izateak ez du esan nahi elkar ezagutzeko aukerarik ez dagoenik. Hasierako aurrez aurrekoan ikastaroaren nondik norakoak azaltzen dizkiet, nola sortu dudan, zergatik eta ze material aurkituko duten. Niri asko kostatzen zait idatziz gauzak azaltzea eta errazago ulertzen denez ikusiz materiala bideoz aurkeztu dut.

Lehen saioan, ikastaroan zer ikusi nahiko luketen galdetzen diet eta beti beraien ardura eta beharrei erantzuten saiatzen naiz. Apur bat ikastaroa pertsonalizatzen ahalegintzen naiz.

Azken aurrez aurrekoa, amaiera emateko egokia ikusten dut. Bakoitzaren proiektu eta lanei buruz hitz egiten dugu, ondorioak atera eta ikastaroari amaiera biribila ematen diogu.

Azken batean, zein da ikastaroaren helburua?
Manipulatzen ikastea dela esango nuke. Askotan ez diogu garrantzirik ematen manipulazioari, liburua edukitzea nahikoa dela uste dugu. Liburua bigarren eta hirugarren fasean erabili genezake. Erregeletak erabiltzeko errazak dira, ikastetxe gehienetan daude eta, beraz, ez dugu ezer presatu behar aurretik, ikasitakoa praktikan jarri dezakezu segidan. Dagoeneko sortuta dagoen material bikaina da.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude