UEUren udaberriko eskaintzaren barruan Sormen laborategia: bizitzarako baliabideak izango da Bittor Camara Hierroren eskutik. Arte Ederretan Lizentziatua eta Diseinu Grafikoan Diplomatua izateaz gain, Camara marrazketa irakaslea da DBH eta Batxilergoan. Ikastaro honetan -tailer nahiago du berak- ez du bere burua irakasle moduan ikusten: “tailerreko parte-hartzaile guztiak ontzi batean sartuko gara, zalantzen eta blokeoen itsasoa zeharkatzeko eta azkenik sormenaren uhartera edo paradisura heltzeko. Istorio honetan, nik ere bidai berdina egingo dut beraiekin batera”. Erdi presentziala izango da.
Denok gara sortzaile, berez, baina zertaz ari gara sormenaz hitz egiten dugunean?
Sormena, gizakiok berez dugun ahalmen bat da. Ez da zertan gauza guztiz berriak sortzeko ahalmena izan; gure inguruan ditugun baliabideekin sortzen dugun errealitate berri bat izan daiteke. Antzinako gizakiek nolabait sua sortu zuten; ordutik hona, suarekin eta honen erabilerarekin lotutako tresna ugari sortu dira; guztiak ere sormenaren eguneroko aplikazioak bultzatuak. Gaur goizean, adibidez, denok sortu dugu nolabaiteko itxura berri bat, gure arropak aukeratu eta konbinatzerakoan sortu duguna. Horretarako gure sormen ahalmena, eguraldi baldintzek eta gure armairuak ezartzen duten testuinguruan mugitzen da. Berdina gertatzen da eguneroko janaria prestatu edota aukeratzeko orduan.
Zahartu ahala sormena galtzen goaz hala ere… Irakaslea zara zu. Behar besteko lekua ahal dauka hezkuntzan ala ateak ixten zaizkio sormenari?
Orokorrean ezan dezakegu, sormenak ez duela izan sustapen egokirik. Sormena gutxi batzuen ahalmen artistiko bezala ulertu izan da; askotan jainko edota mitologiak ematen zuen dohaina. Azken aldian, badago kontrako joera bat, batez ere enpresa-munduan, sormenaren ahalmena eta beharra era egokiagoan ulertzen duena. Hala eta guztiz ere, hezkuntzak ez du, orain arte, sormena behar adina balioztatu. Argi eta garbi ikusten dugu hori, gure hezkuntza legediak ahalmen hau lantzeko zirrikitu oso estuak uzten dituenean. Honetaz gain, irakasleok askotan ez dugu sormen ahalmena lantzeko eta sustatzeko baliabide egokirik; honela, nahiz eta irakasle batek bere ikasleengan sormen ahalmena landu nahi izan, ez daki nola egin, tresna horiek ez dituelako landu bere bizitzan. Antzerako zerbait gertatzen da gurasoen kasuan.
Esperimentazioa garrantzitsua da horretarako. Ikastaroak ere laborategi itxura izango du. Ikastaroaren helburua bakoitzak barruan duen sortzaile hori esnaraztea da. Nola egingo duzu hori?
Galderan bertan daukazu erantzuna. Esperimentazioa izango da ardatz nagusia eta norberaren sormen ahalmena eta interes pertsonalak izango dira, laborategian erabiliko ditugun tresna garrantzitsuenak. Sormena lantzerako orduan, ezinbestekoa da, norberaren arreta eta inplikazioa. Hau lortzeko derrigorrez bilatu beharko dugu, bakoitzaren izaeran, jakin-mina sortzen duen gairen bat; marrazketa, artea, diseinua, sukaldaritza, matematikak, hizkuntza, kirola… edozein izan daiteke gure sormena lantzeko esparrua; baldintza bakarra bete behar du, gure interesa suspertzea. Gaia behin aurkituta, sormena lantzea oso erraza izango da.
Erdi presentziala izango da ikastaroa. Zein izango da metodologia?
Gure metodologia, batez ere aurrezko aurreko saioetan landuko ditugun elementuetan oinarrituko da. Online atala, saio horietan landutakoak biribiltzeko erabiliko dugu eta nola ez, ikasleek egunerokotasunean irakaslearekin harremana izateko erabiliko ditugu; zalantzak argitu eta bakoitzaren lana elkarbanatzeko ikastaroan, edo hobe esanda tailerrean, parte hartuko duten kideekin.
Ikastaroa baino tailerra dela esateak erosoago sentiarazten nau, ez dut nire burua irakasle bezala ikusten kasu honetan. Tailerreko parte-hartzaile guztiak ontzi batean sartuko gara, zalantzen eta blokeoen itsasoa zeharkatzeko eta azkenik sormenaren uhartera edo paradisura heltzeko. Istorio honetan, nik ere bidai berdina egingo dut beraiekin batera eta momentu askotan konturatu gara, dudan sormenaren inguruko jakintza, bidai hori behin baino gehiagotan egin dudalako baino ez dela. Hala eta guztiz ere, bidaia ez da inoiz berdina, beti aurkitzen ditugu oztopo, zalantza eta blokeo berriak. Bide ezezagunetatik mugiaraziko gaituzte eta, beraz, bidaia liluragarria izango da, ohikoa den moduan.
Iruzkinak (1)