UEUren Udako Ikastaroen barruan “Unitate didaktiko digitalen diseinua” ikastaroa egingo dute bihar eta etzi Eibarren. Amaia Arroyo Sagasta ikastaroko irakasleetako batekin hitz egin dugu, bertan landuko denaren berri izateko.
Zer da unitate didaktiko bat?
Unitate didaktiko bat planifikazio bat da, hezkuntza jarduera bat aurrera eramateko. Planifikazio horretan zehazten ditugu helburuak, landuko diren konpetentziak, edukiak, jardueren sekuentziazioa eta ebaluazio ereduak. Irakasleontzat unitate didaktikoa gure jarduna gidatzen duen iparra da, nolabait esateko.
Zein ezaugarri eduki behar ditu unitate horrek?
Ezaugarriak egokitu egin behar dira aurrean dituzun ikasleei. Helburuak, gaiak, edukiak, denak planifikatu behar dira ikasleei erantzuteko. Horretarako euren beharrak aztertu eta horiei erantzuteko diseinu guztia egin behar da.
Eta zer da unitate digitala?
Unitate digitala berez da unitate didaktiko arrunta, baina bere gain lantzen duena konpetentezia digitala. Konpetentzia digitala ez da gailuak erabiltzea bakarrik, baizik eta digitalki gai izatea informazioa bilatzeko, idazteko, baloratzeko, gordetzeko, komunikatzeko, edukiak sortzeko eta arazoak ebazteko. Konpetentzia digital hori ikuspegi global horretan ulertuta unitate digital bat litzake hori lantzeko unitate didaktiko bat.
Hezkuntzan gero eta gehiago erabiltzen dira tresna digitalak, baina modu egokian erabiltzen al ditugu?
Saiatzen gara, baina oraindik tresna soil gisa ulertzen ditugu, eta ematen dituzten aukera guztiak ez ditugula aprobetxatzen iruditzen zait. Erabilera oso xumea ematen diegu, baina berez potentzial ikaragarria dute beste gaitasun batzuk lantzeko. Adibidez, komunikatzeko gaitasuna oso ondo landu daiteke kamera baten aurrean jartzen baditugu ikasleak. Edo umeei utz diezaiokegu eduki digitalak sortzearen protagonismoa, kamera hori erabiliz.
Zer nolako ekarpen egin dezakete pedagokikoki?
Azkenean beste gaitasun batzuk lantzeko aukera eskaini. Adibidez, komunikazio gaitasuna aipatu dut baina arterako gaitasuna ere landu daiteke teknologiak erabilita. Artea landu daiteke eskuz, baina landu daiteke ere bai bideo bat eginez, collage bat eginez, beste tresna batzuk erabilita. Eta azkenean tresna horrek egongo dira egunerokotasunean etorkizunean gure ikasleen eskura. Helburua da ikasleei euren etorkizunean erabilgarriak izango diren tresnak eskaintzea.
Zein helburu lortu nahi dituzu ikastaro honekin?
Lortu nahi duguna alde batetik da konpetentzia digitala zer den ulertaraztea, tresnak erabiltzea baino askoz ere gehiago dela ulertaraztea eta beste aldetik irakasleak animatzera unitate didaktikoak diseinatzen. Izan ere, askotan testuliburuak erabiltzen ditugu, produktu bukatuak direnak, eta nahi duguna da irakasleen sormena eta irakasleen gaitasun hori ere sustatzea.