Axular Lizeoko Juan Ezeiza Gutierrez irakasleak ere parte hartuko du datorren urriaren 20an Gasteizen izango den Moodlemoot Euskadi 2017 #mooteu17 jardunaldian. ”Moodle BHko Filosofia ikasgaian” izeneko aurkezpena prestatu du.
Zerk eraman zaitu aurtengo Moodlemoot Euskadin parte hartzera?
MoodleMoot jardunaldiak irakasleen artean jardunbide egokiak trukatzeko foro apartak dira. Besteen esperientziak ezagutzea oso aberasgarria da, baina hori posible izateko nork bere esperientzia ere erakutsi behar du, eta horixe da egingo dudana.
Zer da aurkeztuko duzuna?
“Moodle BHko filosofia ikasgaian” aurkezpen praktikoa izango da. 12 urte daramatzat Moodle filosofiako nire ikasleekin erabiltzen. Horregatik, saiakera ugari egin ditut eta emaitza onak eman dizkidaten batzuk azalduko ditut. Aurkezpenaren ardatza baliabideak baino jarduerak izango dira, hainbat jarduera ez estandar bereziki, beti ere lortu nahi diren helburuekin lotuta daudenak eta, ahal denean, erabilera ludikoa ahalbidetzen dutenak.