UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Proiektu bidezko metodologiak” izeneko online ikastaroa izango da, besteak beste. Itziar Uriarte Crespo irakasleak eman digu ikastaroaren nondik norakoen berri. Matrikula zabalik dago.
Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaro honen helburu gorena, irakasleei, modu praktikoan, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza sustatzen duen metodologiaren nondik norakoak eskura jartzea, eta aldaketa metodologiko hori aurrera emateko beharrezkoa duten azken urratsa egiten laguntzea da.
Zer da ikaskuntza esanguratsua?
Errepikapenetik eta edukietatik urrunduta, gaitasunen garapena lortzeko parte-hartze aktiboa eta motibazioa kontutan hartzen dituen ikaste-irakasteko era dela esan genezake. Egungo ikasleek estimulu anitzak jasotzen dituzte eta jakin-min ugari dituzte. Egoera horri etekina ateratzea ezinbestekoa da ikasleentzat esanguratsua den esperientzia sortzeko, baita esanguratsua den eta, ondorioz, iraunkorra izango den ikaskuntza lortzeko ere.
Eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza?
Ikaste-irakasteko modu kooperatiboa da eta ondorengo alderdiak betetzen ditu: ikaslea ikertzailea edota sortzailea bilakatzen da eta irakaslea gida; erabiltzen diren materialak anitzak dira; talde lana ezinbestekoa da eta ikasleak rol aktiboa du; xedea sorkuntza izanda, ikaste-irakaste prozesu aktibo eta esanguratsua gertatzen da; gaitasunen garapenarekin batera, edukien barneraketa ematen da eta, azkenik, diziplinartekotasuna, hein batean edo bestean, modu naturalean ematen da.
Zer nolako abantailak ditu metodologia honek?
Abantaila nagusiak, nire ikuspuntutik, motibazioa eta ikaskuntza esanguratsua dira. Bi alderdi hauek oso erlazionatuta daude; izan ere, ikasleek erronka bat daukatenean hori lortzeko motibatuago agertzen dira eta motibazio horri zein erronkaren errealitate kutsuari esker, ikasleek egiten ikasten dute eta ikasten dutena modu biziago eta iraunkorrago batean barneratzen dute.
Zein da erabiliko duzun metodologia?
Aurretik esan dudan bezala, erabiliko den metodologia guztiz praktikoa izango da. Nahiz eta ikastaroa online izan, hasierako aurrez aurreko saioan azalduko den bezala, parte-hartzaileek haien proiektuaren diseinua egiten, osatzen eta hobetzen joango dira ikastaroan zehar; ikastaroaren amaieran hori praktikara eramateko. Egiten ikasiko dugula esan genezake.
Norentzat da ikastaro hau?
Irakasle ororentzat onuragarria dela esan genezake, baina ondorengoetara mugatu dugu: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle zein Berritzeguneko kideetara.