Jose Ramon Etxebarria irakasleak 70 urte bete ditu eta Udako Euskal Unibertsitateak bere omenezko liburua argitaratu du: “Bai, jauna, bai: fisika euskaraz!” . Argitalpen honen bidez, esker ona agertu gura dio bere bizitza akademiko osoan euskal unibertsitatea eraikitzen eginiko lanagatik. Izenburuan, 1976ko esaldia gogorarazi dugu, “Bai, jauna, bai: fisika euskaraz!” hori Joserraren tinkotasunaren adierazgarri delako, eta 42 urte igaro ondoren sendotasun, zorroztasun eta gozotasun berarekin ikusten dugulako euskal unibertsitatearen aldeko lanean. Mari Karmen Menika UEUko lantaldeko kidea izan da liburuaren koordinatzailea Gidor Bilbao, Pruden Gartzia eta Nekane Intxaurtzarekin batera.
Nondik dator omenaldi-liburua egiteko ideia?
Jose Ramonen erretiroa hartzeko garaia iristear zegoela eta, 2015ean hasi ginen egitasmoa lantzen. Gure helburua liburu kolektiboa osatzea eta argitaratzea zen Jose Ramonen omenez, erretiroa hartzen duten unibertsitarioen artean sarritan egiten ohi den bezala. UEUko zuzendaritzan egitasmoa aurkeztu genuen eta UEUk bere egin zuen. Erretiro data zein izango zen jakindakoan, martxan jarri genuen egitasmoa.
Zer da liburuan aurkituko duguna?
Alde batetik, Jose Ramon Etxebarriaren produkzio zientifiko-akademikoa agertuko da bertan. Bestetik, bi motatako artikuluak biltzen dira: artikulu zientifiko-akademikoak eta gorazarrezkoak. Orotara, hirurogei bat lagunen ekarpenak biltzen dira bertan: Kepa Altonaga, Martin Orbe, Igone Zabala, Pedro Miguel Echenique, eta bere alabak eta ilobak, besteak beste.
Zer suposatu du UEU barruan Joserrak?
Jose Ramon Etxebarria, erreferentea da euskal unibertsitate bidean. UEUren sorreratik gaur egun arte bidelagun izan dugu eta berak egindako ekarpenak anitzak izan dira esparru guztietan: zuzendaritzako partaide, fisika saileko sailburu, argitalpen batzordeko partaide, irakasle, zuzentzaile… Langile fina eta nekaezina, beti laguntzeko prest. Karisma handiko pertsona.