“Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aurrera begira” Glotodidaktikako VI. Topaketa izango da datorren azaroaren 9an eta 10ean Bilbon. Hainbat hitzaldi eta solasaldi izango dira bi egunetan eta artean baita zenbait esperientzia eredugarri ezagutzeko aukera ere. Horietako bat da Combi proiektua. Proiektuaren nondik norakoen berri emango du Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendariak.
Nondik sortzen da Combi proiektua?
Combi proiektua Erasmus+ proiektu bat da eta Europako hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateak elkartzen ditu : Frisia, Gales, Suediera Finlandian, Sizilia eta Euskal Herria. Gure lan eremua adinekoen zaintza da eta bereziki eremu horretan lan egiten duten etorkinekin egiten dugu lan.
Europan, lan munduari begira ari diren hizkuntza irakaskuntzako profesionalek aspalditik lantzen dituzte proiektu berritzaileak, hizkuntza irakaskuntza errazteko, eta beharretan zentratzeko gehiago.
Gure kasuan lehengo aldiz halako proiektu batek hizkuntza minorizatuak hartzen ditu kontuan. Horregatik ez du bakarrik balio parte hartzen duten bost komunitate horietarako bakarrik, Europan arazo berdina duten komunitate askotan ere balio du: adibidez Korsikan, Maltan, Luxemburgen eta abar…
Zertan datza zehatz-mehatz proiektuak?
Proiektuaren erdigunea metodologia berrikuntzan lan egitea da; zuzenean lan jarduerekin eta hortik datozen komunikazio beharrekin lan egitea; hizkuntza laneko faktore bezala ikustea. Metodologia, gainera, langile kolektibo hartzailera dago egokitua: ikasketa akademikoen maila baxua, lan baldintza zailak, kultur aniztasuna….
Beste puntu bat da, bereziki hizkuntza gutxituetan eragina duten faktore soziolinguistikoena. Estatu edo hizkuntza “nagusietan” ez bezala, askotan hiztunak badute beste hizkuntza komun bat, elkar ulertzeko, edo gutxienez hizkuntza minorizatuetan baino hobeto elkar ulertzeko. Horregatik, langileek edo gure ikasleek ikastaroetan hizkuntza minorizatuek zergatik duten balioa ere ikasi behar dute, zein diren hiztunen eskubideak edo zer den komunikazioaren kalitatea.
Horretaz gain kontuan hartzen ditugu, ikastaroak arrakasta izateko hainbat faktore : ingurugiroa, irakasleak lanbideari buruz duen ezagutza, nola egokitu egutegia; eta baita ere nola aztertu langile baten hizkuntza gaitasunak modu berri batean.
Azken partea road map bat da – biderako gidalerroak – non aholku politikoak ematen ditugun, eremu horretan erabakiak hartu behar dituzten arduradunentzat; Udaleko arduradunentzat, enpresa-erakundeko arduradunentzat edo Europako politikak erabakitzen dituzten arduradunentzat.
Zein da proiektuaren helburu nagusia?
Proiektu honen bitartez “kit” bat sortzen ari gara, eragileei hainbat tresna eskura emateko. Proiektuak sei atal ditu: Laneko komunikazio beharrak aztertzea, irakaskuntzako ikuspegi anitzak lantzea (gomendio interaktiboak irakasleentzat), metodologia berrikuntza, ikastaro plangintza (gauza arrunta dirudi, baina saiatu ikastaro bat sortzen, etxeko langileekin….), ebaluaziorako bide berriak eta gomendio politikoak, azkenik.
Orain artekoa zer nolako esperientzia izan da? Zein da parte hartu dutenen balorazioa?
Oso interesgarriak izan dira beste hizkuntz komunitateekin izan ditugun topaketak. Komunitateen araberako ezberdintasun eta gune komunak ikusi ditugu. Bietatik ikasi dezakegu eta ondorioak atera, bakoitzak bere komunitaterako. Euskal Herrirekin antza handiena duen komunitatea Gales da. Hor ere hizkuntza politika garrantzitsua egin dute osasungintza eremuan, batez ere hiztunen eskubideen inguruan.
Proiektuak sektoreko eragileak ezagutzeko aukera ere eman digu. Ikusi dugu zein garrantzitsua den, bi munduak elkartzea. Batetik hizkuntza irakaskuntza/normalizazio mundua (eta horren arduradun politikoak) eta bestetik lan munduko arduradunak (eta hor ere formazio arduradunak, enpresako arduradunak, sindikatuak, arduradun politikoak….)-. Ikusi dugu, bakoitzak eman behar duela bere partetik eta utzi behar duela bere konfort-gunea, halako proiektuak arrakasta izan ahal izateko.
Amaitzeko, zer iruditzen zaizkizu era honetako topaketak?
Oso garrantzitsua da. Gizartea aldatzen ari da etengabe eta berrikuntza ez da zerbait Industria 4.0 eremuan soilik gertatzen dena. Hausnartu eta eztabaidatu behar da. Atzo balioa izan zuenak, agian gaur dagoeneko ez du baliorik. Esperientziak elkar trukatzea garrantzitsua da eta hortik pauso berriak ematea ere bai.