Erotika ezin da ikasi, errezeta magikorik ez baitago. Halaxe kontatu digu Maider García de Bikuña sexologoak. Baina landu ordea, bai. Horixe da, hain zuzen ere, ‘Emakumeen erotika tailerrean’ egiten ahaleginduko direna; emakume bakoitzak bere erotismoa lantzea, intimitatearen eremua lantzea.
– Zer irakasten duzu emakumezkoen erotika tailerrean?
Emakumeen erotika tailer honetan, batik bat, intimitatearen eremua landu nahi dugu. Emakumearen gorputza, desioak, beharrak, nahiak, feminitate ereduak, eta abar lantzea. Askotan norbaitek jarri digun eredua bizi dugula esan ohi dugu, eta egia da zentzu batean horrela dela, baina era berean, hori aldatzea gure eskuetan dagoen zerbait da. Hemen ez dago errezetarik. Materiala eskaintzen dugu eta bakoitzak nahi eta ahal bezala interpretatu dezala eta hausnartu dezala.
– Sexualitatea eta erotismoa. Ba al dago ezberdintasunik?
Sexologikoki hitz eginez gero, badira aldeak. Sexologoek sexualitatea hiru eremutan banatzen dugu. Lehena, sexuari berari erreferentzia egiten diona, alegia, emakumezkoak ala gizonezkoak garen. Nola sortzen garen biologikoki eta fisikoki. Gero, bizipenekin lotutako sexualitatea legoke; nola sentitzen garen. Erotismoa honekin lotuta legoke. Hirugarrena, aldiz, amatoria deitzen duguna litzateke; egiten duguna, praktika. Erotismoa gure desioei, fantasiei, nahiei lotuta dago, alegia sentitzen dugun hori, baina ez hainbeste fisikoki, baizik eta, norekiko edo zein gauzekiko dugun zirrara hori. Erotismoa beraz, barruan ditugun grinekin lotuta dago, desioekin.
– Erotismoaren helburua beti plazera da?
Tira, desioa berez gustagarria zaigun zerbait egiteko nahia izan ohi da, baina ez du zertan plazerarekin lotura izan. Erotismoa zerbait egiteko desioa da, baina desio hori izan liteke norbaitekin zerbait partekatzeko nahia edo esperientzia bat bizitzeko nahia. Ez da beti plazer fisikora mugatzen.
– Gure gizartean plazera bilatzea plazer hutsa sentitzeagatik gaizki ikusia izan da. Eredu hori aldatzen ari da?
Denetarik dago. Aldaketak ematen ari dira, hori argi dago. Beti plazera txarra izango balitz bezala ikusi izan dugu, eta agian hori da aldatu behar duguna. Plazera berez ez da txarra. Zure eskubideak bestearen eskubideak hasten diren eremuan amaitzen dira, hori kontuan hartuz, plazera berez, positiboa da. Erlijioagatik eta kulturagatik sexua ugalketarako eta familiaren ereduaren baitan ulertu den zerbait da. Hortik at badirudi zentzua galtzen duela. Nik uste dut gure desirekin koherenteak bagara eta besteak errespetatzen baditugu ez dagoela arazorik.
– Emakumezkoek eta gizonezkoek erotismoa modu ezberdinean bizi dute?
Bai. Biologikoki ezberdinak garen aldetik ezberdin bizi dugu, baina, batik bat, heziketa dela eta, ezberdintasun asko daude. Gizonezkoei irakatsi izan zaie plazeraren bila joaten, batez ere koitoaren bidez. Eta emakumezkoei ez digute erakutsi erotismoa lantzen, ez modu batera, ez bestera. Emakumezkook kasu askotan gizonen eredua hartu dugu eta gure egin dugu. Agian gure desioei egokitutako eredua zein den aztertu beharko genuke. Eta gizonezkoei ere eredu bat inposatu zaie eta mutil asko ez dira beste hainbat alorretan askatzen eredu horren mugekin topo egiten dutelako.
– Erotismoa ikasi daiteke?
Tira, ez dakit ikasi hitza ote den egokiena, lehen esan bezala errezetarik ez baitago. Baina erotismoa landu daiteke. Tailer honen helburua hain zuzen ere, horixe da; emakume bakoitzak bere burua lantzea eta hortik norbere erotismoa aberastu egingo da. Baina errezetak ez daude.