UEUri buruzko lehen oroitzapena 1978koa da, aspaldikoa beraz. Garai hartan, Txinan Hua Guofeng zen presidente, ETB sortu gabe zegoen, Iugoslavia eta Txekoslovakia existitzen ziren, Espainiako gaur egungo Konstituzioa ez zegoen indarrean, Xala eta Gaizka Toquero jaio gabe zeuden eta Ilaski Serranok 2 urte besterik ez zituen.
COU amaitu berria nintzen Tolosako Eskolapioetan. Ikasketa guztiak erdara hutsez eginak nituen, baina alfabetatze ikastaro bat jaso ondoren, hasia nintzen jada euskarazko klaseak ematen Gau Eskolan, Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren “Jo ta ke” metodoa eskuartean. Euskal Filologia karrera estreinatu berrian matrikulatuta nengoen, baina, nire euskara maila apal samarra zenez eta ez dakit nork bultzatuta Iruñean antolatzen omen zen Udako Euskal Unibertsitateara joatea erabaki nuen. Eskolapioetan ikaskide nituen Jokin eta Jose Luis Azkue anaiekin batera joan nintzen, euskal munduan murgiltzeko irrikitan.. Maleta txiki bat prestatu eta aitak eraman gintuen hirurak Iruñeko Larraonara.
Aurretik Abaigarko Euskal Udalekuetan bizitutakoa berriro sentitu nuela dut gogoan. Gaur egun gezurra badirudi ere, garai hartan, etxetik eta oso lagunarte murritz batetik kanpo, ez genuen apenas euskararik egiten. Abaigar eta UEU izan ziren euskaraz normal, eroso eta eguneko 24 orduetan bizi izan nintzen lehen bi guneak. Abaigarrek aurrena eta UEUk ondoren, euskaraz bizitzea posible zela erakutsi zidaten. Are gehiago, euskaraz bizi nahi nuela erakutsi zidaten eta helburu horri begira jarri ninduten lanean. Antolatutako ikastaroek edo argitaratutako liburuek adina garrantzi du nire ustez, UEUk gu guztiongan piztu zuen su euskaltzalea.
Lehen ikasturte hartan, batez ere, euskara ikastera (gramatika, arauak, etab.) eta ondo pasatzera joan ginen. Hizkuntzalaritza sailean eman genuen izena. Artikulua idazten hasi naizenean, memorian arakatu behar izan dut lehen egonaldi hartako irudiak eta oroitzapenak berreskuratzeko. Oso ondo gogoratzen nituen han ezagututako irakasle batzuk: Xabier Zubizarreta, Txillardegi, Miren Azkarate… Beste irakasleak zeintzuk ziren edo zein gai jorratu genituen, aldiz, ez neukan hain garbi. Baina gauzak gordezalea naizenez, paper zaharren artean miatu eta orduan hartutako apunteen bilduma aurkitu dut! Lehen orrian, halaxe dut idatzita goiburu gisa, hobetzen ari nintzen protobatua hartan: Uztailak 17. Goizeko 12.etan Haritstxelarren hitzaldia: “Unibertsitatea eta bere funtzioa” ,.
Hizkuntzalaritzari buruz eman ziguten bibliografia 5 liburutara mugatzen da: Kintanaren Linguistika orain arte, Txillardegiren (garai hartan Larresoro) Oinarri bila, Hizkuntza eta pentsaketa eta Euskara batua zertan den eta Mitxelenaren Zenbait hitzaldi. Aurreratu dugu zeozer!
Apunteetan honako irakasleak eta gaiak azaltzen zaizkit. Karlos Otegik Testuaren azterketa zuen gaia eta berarekin Elsa Schellen eleberria aztertu genuen. Txillardegik dialektologia, bereziki zuberera, zaraitzuera, bizkaiera eta goi-nafarrera. Alfontso Irigoienek euskararen historia eta aditzaren eboluzioa azaldu zizkigun. Patxi Goenagak morfosintaxia eta Miren Azkaratek euskararen baliabide sintaktikoak. Bi irakasle hauei hartutako apunteak, garai hartan boladan zeuden Chomskyren zuhaitzez beteta daude. Xabier Zubizarretak menpeko esaldiak zituen irakasgai eta J.A.Arrietak fonetika eta fonologia. Gure aurrean genituen irakasle haiek erdi mitoak ziren guretzat, euskal inteligentsiaren izar nagusiak! Eta gu, hamazazpi urterekin, haien erdian! Euskal olinpoan geunden!
Apalategi deiturako batek (ez dut gogoan nor zen) Audiobisualak eta euskararen irakaspena gaia jorratu zuen eta jasotako oharretan esaldi deigarri bat baino gehiago irakurri dut. Hona adibide batzuk, urteotan aurreratu dugun guztiaren erakusgarri: ikasleak lehenik entzuten ikasi behar du, belarria egin behar du. Gero dator imitazioa, entzuna erreproduzitzea. Ez dira esaldiak ikasi behar estrukturak baizik, automatismoak lortu arte. Errepikatzeaz aparte iniziatiba pertsonala landu behar da. Animazio pixka bat ere sartu behar da. Ez praktikatzea atzera joatea da. Norbait etsita dagoenean ez zaizkio korrekzio pila bat egin behar. Maila elementala lortzeko: 200 ordu.
Bi ekintza osagarri ere izan genituen: Imanol Berrituaren “Hitz egin” metodoaren aurkezpena, eta gogoan ez badut ere, izenburuari erreparatuta ikaragarri apasionantea izan behar zuen mintegi bat. Gaia: Euskal sintaxiaren zenbait gorabehera.
Oroimenean iltzatuta daukat ordea, niretzat erabat ezezaguna zen marrazkilari batek, han gertatutakoez eta bertako irakasleez marrazkiak eta karikaturak egiten zituela. Askoz geroago jakin nuen marrazkilari hura Antton Olariaga zela eta han bueltaka ibiltzen zela. Nork esan behar zidan handik urte batzuetara elkarrekin joango ginela Larraonara hitzaldiak ematera!
Geroztik, urtero ez, baina sarri joan naiz UEUra. Edo ikastaroren batean eskolak ematera edo gaueko programazioaren barruan bertako ikasle eta irakasleen aurrean saioren bat eskaintzera.
90eko hamarkadan lautan behintzat inguratu nintzen Larraonara, SIADECOn burutzen ari ginen lanen inguruko hitzaldiak ematera: hitzarmengintza, Udalak eta hizkuntz politika, merkataritza alorreko euskalduntze egitasmoak, kale neurketak… Gogoan dut merkataritza alorreko egitasmoei buruzko hitzaldian gertatutako anekdota bat. “Lehen hitza beti euskaraz” kanpainari buruzko zehaztasunak ematen ari nintzen eta halako batean, entzuleen artean zegoen Sho Hagio japoniar euskaldunak hauxe esan zidan: Arrazoi duzu Kike! Lehen hitza beti euskaraz egin behar da, zeren ni dendetara sartzen naizen guztietan denek erdaraz hitz egiten didate eta ez dut ulertzen zergatik!
1994ean ikastaro berezi bat antolatu zuen Eugenio Arraiza euskaltzale nekaezinak Eusko kultur gaiak izenburupean. Soziolinguistika alorra jorratzea egokitu zitzaidan orduan. 98an berriz, eta soziolinguistika sailean, Komunitate minorizatuaren ezaugarriak gaia.
Mende honetan, berriz, umorearen inguruko hitzaldi eta saioak eskaintzera hurbildu gara UEUra. 2001ean Umorea eta hizkuntza normalizazioa izan zen gaia. Hurrengo urteetan, berriz, Zazpiak Batman kolektiboaren trilogia (Asisko Urmeneta eta Antton Olariagarekin batera): Euskaraz dibertitzeko manerak 2002an, Euskara lardaxkatzeko manerak 2004ean Miarritzen, eta Laster Master, Inkomunikazio Ikastaro Azkarra 2006an. Urte honetan, saio bikoitza egokitu zitzaidan, goizez “Garai berriak, hizkera berriak: kaleko euskararen bilakaera” hitzaldia eman bainuen.
UEUrekin izan dugun azken harremana, bestalde, bitxia da oso. 2009ko ikastaroen leloa “Jantzi” izan zen eta lelo horren harira lehiaketa bat antolatu zen: Nor jantziko zenuke? Nor erantzi? Eta zergatik? galderei emandako erantzunik onena saritzen zen. Erantzuna, SMS hizkeran, errimaz, bertsoz edo norberaren euskalkian eman zitekeen. Ilaski eta bioi proposatu ziguten epaile lanak egitea, eta guk nola ez, onartu egin genuen. Ekarpen politak jaso genituen eta irabazlea Xabier Azkue izan zen.
Gutxienez gauza bat lortu genuen UEUrekiko harreman honekin: Irati Iciarrekin batera emandako prentsaurrekoaren argazkietan dotore agertzea!
Milesker, UEU!
Kike Amonarriz / Argazkia: Udako Ikastaroak 2009.
Iruzkinak (1)