Dokumentuaren akzioak
Jone Bilbao: "Azken urtean uren kalitateak onera egin duen arren, fitoplanktonaren ugaritzea ez da guztiz seinale ona"
Jone Bilbao Antolinek (Sopela, 1995) Ingurumen Zientziak ikasi zituen UPV/EHUko Gasteizko campusean (2013-2017). Ondoren, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egin zuen PiE-UPV/EHUn (2017-2018) , eta 2019tik, UPV/EHUn dabil tesia egiten, Leioako campusean. Landare Biologia eta Ekologia sailean ari da, Ibai Ekologia ikerketa taldearen barruan, Fitoplanktoneko laborategian, Sergio Seoaneren zuzendaritzapean.
Lehenik eta behin, zorionak! #txiotesia6 lehiaketako "Txiolari ulergarriena" izan zara.
Mila esker! Oso ekimen polita iruditu zait, eta pixka bat zaila ere bai, egia esanda. Alde batetik, arlo ezberdin askotako ikerketak eta ikertzaileak ezagutzeko aukera eman digu ariketa honek, modu azkar eta entretenigarri batean gainera. Hala ere, egia da, 6 txiotan hainbat urtetan zehar egindako lana laburtzea, eta aldi berean ulergarri eta erakargarria egitea, ez dela lan erraza izan, batez ere, zientzia arloan, normalean, lortutako emaitzen azalpen zehatz eta osatuak idaztea eskatzen zaigulako.
Azken hau kontuan izanda, nik aurretik prestatu nituen txioak, noski, laburtze prozesuak beldurtzen ninduelako. Gaiari buruz ezer ere ez dakien norbaiti kontatzeko moduko txioak prestatzea zen nire helburua, eta irudien bitartez nik urte hauetan zehar ikusitakoa erakustea. Hori bai, ez nuen "Txiolari ulergarriena" izatea espero, inondik inora ere ez.
Ingurugiro zientziak ikasi zenituen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.
Kostaldeko herri batekoa izanda, ingurumenarekin lotura handia izan dut txikitatik, itsasoarekin bereziki. Gainera, izaki bizidunez haratago, naturan gauzatzen diren prozesu ezberdinen inguruan jakin-mina izan dut beti, eta honek bultzatu ninduen Ingurumen Zientzietako graduan sartzera. Urte horietan zehar, ekologia eta kutsaduraren inguruko kontuek piztu zidaten ikerketa mundura hurbiltzeko gogoa, eta honek Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHUn) Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egitera eraman ninduen, oraingoan itsasoari begira gainera.
Masterra ikerketa munduan murgiltzeko atea izan zen nire kasuan, eta konkretuki Master Amaierako Lana. Masterra hasi eta aste batzuetara Leioako campuseko Fitoplanktoneko Ikerketa taldearekin (Landare Biologia eta Ekologia Sailean) jarri nintzen kontaktuan, haiekin lana egiteko asmoz, eta han ibili nintzen ikasturte osoan zehar. Hau izan zen "benetako" ikerketa batean parte hartzeko izan nuen lehen aukera, eta hemendik atera zen tesia egiteko aukera.
Urdaibaiko estuarioko uren saneamendua izan duzu tesian ikergai. Nola sortu zen aukera?
Esan bezala, masterrean zehar aurkeztu zen aukera, Fitoplanktoneko ikerketa taldean bertan. Masterra amaitu baino hilabete batzuk lehenago jakin zen Urdaibai inguruan egiten zebiltzan saneamendu lanen arira, araztegiak estuarioaren barruko eremura (Gernika parean) isurtzen zituen urak Lamiaraneko araztegira bideratuko zirela kolektore baten bidez. Eta, beraz, estuarioak ez zituela gehiago hondakin ur hauek jasoko. Hau jakinda, nire Master Amaierako Lanaren zuzendarietako batek, Sergio Seoanek, argi ikusi zuen kontu honen inguruan ikertzeko beharra eta berak eskaini zidan gaur egun nire tesia den ikerketa proiektuan parte hartzeko aukera.
Hortik aurrera, diru-laguntzak bilatzeko prozesu zailean hasi ginen, izan ere, ikerketa proiektu hauek garatzeko ezinbestekoa da erakundeen babesa izatea. Zorionez, nik UPV/EHUren doktoratu aurreko laguntzetako bat lortu nuen, euskarazko modalitatean gainera, eta aurrerago AZTI, Busturialdeko Ur Partzuergoaren eta URAren (Uraren Euskal Agentzia) babesa ere jaso genuen lanean aritu ahal izateko.
Gernikako araztegiko ur kutsatua jaso du urte askoan Urdaibaiko estuarioak. Nola eragin du uraren ekologian?
Urdaibaiko estuarioa EAEko Biosfera Erreserba bakarraren parte izan arren, presio antropogeniko nabarmen batzuen eraginpean dago, eta hauen artean nagusiena Gernikako hondakin-uren araztegiaren isurketak izan dira urte askotan zehar. Hala, nahiz eta araztegiak lehen eta bigarren mailako tratamenduak burutu, ura egoki tratatzeko zaharkituta dagoen azpiegitura da. Ez du fosforo eta nitrogenoaren eliminazio eraginkorra ahalbidetzen, eta mantenugai hauek dira fitoplanktonaren hazkuntzaren sustatzaile nagusiak. Beraz, 1972tik egon diren isurketa hauek estuarioko uren mantenugaien kontzentrazioa handitzen dute modu artifizialean, gehiegizko aberaste batera iritsi arte. Ondorioz, estuarioko barrualdeko eremuak, isurketa-puntuaren inguruak, ez ditu Europako Uren Esparru Zuzentarauak ezarritako ingurumen-helburuak bete urte askotan zehar, mantenugaien kontzentrazio altu eta eutrofizazio arazoengatik.
Hau argi islatzen da URAkek urtero argitaratzen dituen euskal kostaldeko uren egoera ekologikoaren txostenetan: 2008tik 2020ra bitartean gutxienez estuarioren barruko eremuak egoera ekologiko "urria" edo "txarra" izan du. Honen erruduna amonio eta fosfatoak (adierazle fisiko-kimikoak) eta fitoplanktonak (adierazle biologikoa) ezarritako helburuak ez betetzea izan da, kasu guztietan kontzentrazio altuegiak egotegatik.
2021etik baina araztegiko isuriak desbideratzea lortu da.
Bai, hala da. Proiektu hau 2017an onartu zen eta helburua zen URAkek eta Busturialdeko Ur Partzuergoak saneamendu sarea eraikitzea eta Bermeoko Lamiaran araztegiarekin lotzeko aukera emango zuten azpiegiturak egitea. Prozesu honen azken pausoetako bat 2021eko udan egin zen, eta bertan, Gernika-Lumoko ur fekalak, Gautegiz-Arteaga eta Kortezubi bezalako beste udalerri batzuekin batera, biltzaile-sistema batean txertatzea izan zen. Hauek, Lamiarango araztegian amaitzen dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko, estuariora egiten diren isurketekin amaituz.
Honekin, Gernikako araztegitik gora Urdaibaiko hondartzetan nagusiki udan izan ohi ziren ur fekalen agerpen arazoak konpontzea zen helburuetako bat, baina gure ikerketarekin ikusi dugu beste onura batzuk ere ekarri dituela.
Egoera berriak uraren ekologian duen eragina baloratzea da orain zure egitekoa. Horretarako fitoplanktona aztertu duzu. Zergatik fitoplanktona?
Fitoplanktona, edo mikroalgak, ekosistema urtarretan esekiduran bizi diren mikroorganismo zelulabakar fotosintetikoen multzoa da. Gainera, ekosistema urtarren kate trofikoaren oinarria da eta uraren kalitatea ezagutzeko adierazle erabilienetarikoa, izan ere, bere ugaritasuna eta komunitatearen osaketa ingurumeneko baldintza fisiko-kimikoekin (gazitasuna, tenperatura, argi eta mantenugai eskuragarritasuna...) zuzenki erlazionatuta dago. Bereziki, uren egoera trofikoaren adierazlea dela esan daiteke, mantenugaien eskuragarritasunaren aldaketen aurrean erantzuten duen lehen komunitatea izanik.
Gernikako araztegiaren hondakin-uren isurketek estuarioko baldintza fisiko-kimikoak eraldatzen zituztela bagenekien, bereziki uraren uhertasunean eta mantenugaien kontzentrazioan eraginez. Hori horrela, saneamendu lanen efektua ikusi ahal izateko aldagai fisiko-kimikoez gain fitoplanktona aztertzea beharrezkoa ikusi genuen. Beraz, Urdaibaiko estuarioko fitoplankton komunitatearen osaketa eta dinamika sakonki ikertzea erabaki genuen, honen ugaritasunean eta osaketaren aldaketak espero baikenituen.
Azken 20 urteotan, estuarioko fitoplanktonaren ikerketa Europako Uren Esparru Zuzentaraua (UEZ) betetzeko nahitaezkoak diren laginketetara mugatu da. Beraz, 90eko hamarkadatik, estuarioaren bi puntutan hiru hilabetetik behin hartutako laginek eskaintzen duten informazioa bakarrik dugu. Ondorioz, gure datu propioak hartzea erabaki genuen isurketen garaiko baldintzetan zegoen komunitatea ezagutzeko eta saneamendu lanen ondorengo komunitatearekin konparatu ahal izateko.
Horretarako, 2019 eta 2021eko uda bitartean bi astetik behin laginak hartu genituen estuarioko gazitasun gradiente osoan zehar (6 laginketa puntutan), hondakin uren isurketak zeudeneko fitoplankton komunitatea ezagutzeko. Ondoren, 2021eko uztaila eta abuztua bitartean, ikerketa labur bat egin genuen, isurketen behin betiko etenaldia gertatu zenetik, 48 ordura, aste batera, 2 astera eta hilabete batera laginak hartuz, aldaketa azkarra ikusi ahal izateko. Hortik aurrera, eta 2022ko urrira arte, bi astetik behin laginak hartzen jarraitu dugu, isurketak eten osteko fitoplanktona aztertu eta epe ertainera (urte batera) egon den aldaketa ikusi ahal izateko.
Fitoplanktona aztertzeko teknika desberdinak erabili dituzu. Zeintzuk?
Fitoplanktona aztertzeko eta komunitatearen irudi osatu bat lortzeko, beraien artean osagarriak izan diren hiru teknika erabili ditut urte hauetan zehar. Alde batetik, ekosistema urtarretan fitoplanktona ikertzeko metodorik tradizionalena erabili dut: mikroskopia bidezko identifikazioa eta zenbaketa. Hau oso teknika konplexua da, denbora asko eta taxonomia-ezagutza sakonak behar baitira laginak aztertzeko, baina fitoplankton komunitatea genero edo espezie mailara arte ezagutzeko aukera ematen du. Bestetik, likido kromatografia (HPLC) erabili dut uretan zeuden pigmentuen identifikazio eta zenbaketarako. Honen bidez fitoplanktonaren ugaritasun totala (a klorofilaren kontzentrazioarekin) eta komunitatea osatzen duten talde nagusien ugaritasuna (pigmentu osagarrien bidez) ezagutu ahal izan ditut era azkar eta eraginkorrago batean. Azken teknika DNA metabarcoding-a izan da, eta honetan trebatzeko Kretako HCMR zentroan doktoretza-egonaldia egin nuen, ez baikenuen aurretik erabiltzen. Teknika honekin, material genetikoa erabiliz, Urdaibaiko uretan zeuden fitoplankton espezieen zerrenda lortu nuen, aurreko teknikekin ikusteko aukera izan ez nuen espezie berri asko aurkituz.
Laginen analisia laginketekin txandakatuz joan naiz hiru urte hauetan zehar. Laginen aurretratamendu edo prestaketak laginketa egunean bertan egiten genituen eta hurrengo bi asteetan zehar laginen mikroskopia eta pigmentuen analisia burutzen nuen.
Zer diote emaitzek?
Emaitzek argi erakusten dute saneamendu lanek eragina izan dutela estuarioko uretan, bereziki barrualdeko eremuan, noski.
Amonio eta fosfatoen kontzentrazioek behera egin dute argi eta garbi. Egindako ikerketa laburrean berehala ikusi zen hauen beherakada eta azken urte honetan behera egiten jarraitu dute. Honi esker, lehen ingurumen-helburuak betetzen ez ziren barrualdeko eremuan egoerak hobera egin du eta, kontzentrazioen beherakadari esker, elementu hauen egoera "ona" edo "oso ona" bezala sailkatzen da orain.
Fitoplanktonari dagokionez, ugaritasuna jaistea eta konposizioaren aldaketa espero zen baina, momentuz, ez da guztiz bete. Egia da komunitatearen konposizioaren aldaketa sumatu dela, bai epe laburrean baita ertainera ere, izan ere, ur zikinetan gainartzaileak diren organismoen (kriptofiten) ugaritasuna jaitsi egin da eta jada ez dira talde nagusia estuarioaren barnealdean. Baina ur garbiaren berezkoak diren espeziak ez dira agertu oraindik. Ugaritasunari dagokionez ordea, nahiz eta mantenugaien jaitsieraren ondorioz fitoplanktonaren jaitsiera espero genuen, kontrakoa gertatu da eta saneamendu lanen ostean aurkitu ditugu fitoplankton loraldi (bloom) handienak, aurretik genituen a klorofilaren errekor guztiak hautsiz. Honek argiaren eskuragarritasun handiagoarekin izan dezake zerikusia, izan ere, uhertasunak behera egin du eta beraz, fitoplanktonak argi gehiago dauka eskuragarri hazteko, eta mantenugai nahikoa oraindik.
Bide onetik goazela diozu, baina... zer geratzen da oraindik egiteke?
Lehen urte honetako emaitzak ikusita, uren kalitateak onera egin duela ikusi dugu, mantenugaien kontzentrazio beherakadari esker. Hala ere, araztegiko isurketarik gabeko lehen urte honetan fitoplankton ugaritasuna handitzea ez da guztiz seinale ona uraren egoera ekologikorako, eutrofizazioa islatzen baitu. Beraz, momentuz, itxaron egin beharko dugu, estuarioak eta bertako fitoplankton komunitateak nola erantzuten duten ikusteko. Horretarako, ikertzen jarraitu beharko dugu, nire tesi-proiektuan sartu ez arren.
Onena, jarraipen programa bat ezartzea izango litzateke, estuarioko 4 edo 5 puntutan zehar hilabetero (gutxienez) laginak hartu eta azken hiru urteetan egindako lanarekin jarraitzeko. Gainera, ikerketa maila-trofiko altuagoetara zabaltzea ere komenigarria izango litzateke, behin fitoplanktonean aldaketak antzemanda, saneamendu lanek estuarioko beste organismoengan duten eragina ikusi ahal izateko eta horrela ebaluazio osatuago bat egiteko. Horrez gain, estuarioko sedimentuen analisia egitea ere oso lagungarria izango litzateke, izan ere, hauek, hainbat urtetan zehar uretara isuri diren kutsatzaileak metatzen joan dira eta gordekin moduan jardun dezakete. Beraz, lan asko dago oraindik egiteke, nire tesia hasiera besterik ez da izan.
Txiotesian, tesiko urteetan zehar lagunartean ateratako argazkiak partekatu zenituen. Talde lana garrantzitsua izan da zuretzat?
Ezinbestekoa esango nuke. Laginketak bakarrik egitea ezinezkoa zen nire kasuan, material asko eraman behar nuelako eta ur litro asko hartu, itsasontziz gainera. Beraz, nirekin hiru urteetan zehar laginketa guztietan egon den gure kapitain Cristinaz gain, taldeko kideen laguntza behar izan dut Urdaibaira joan naizen 55 laginketetako bakoitzean, eguzki zein euri zaparrada tokatu. Nire zuzendaria, lankideak eta laborategitik pasa diren ikasleak izan ditut laguntzaile, eta familia eta lagunak ere eramateko aukera izan dut. Tesian zeharreko momentu onenak laginketetakoak izan dira duda barik, beraz hauetariko batzuk partekatzea pentsatu nuen txiotesian jarritako "collage" horrekin, eta bide batez, laguntzaileei eskerrak emateko modu bat ere bada. Hala ere, talde lan hau ez da laginketetan bakarrik geratzen, ordu asko pasatzen ditugu laborategian zein etxean tesiaren inguruko kontuekin, eta ingurukoek, lankide, lagun edo familiak, denetarik entzun eta jasan behar dute, beraz, arlo horretan ere ezinbestekoak dira ingurukoak.
106 ikertzailek parte hartu duzue aurtengo Txiotesian. Lehiaketan parte hartzeaz haratago, aldarrikapen bat ere bada?
Ikusgarritasuna lortzea esango nuke nik. Zientzia egiteko ezinbestekoa da babesa, eta horretarako ikertzaileak eta ikerketa proiektuak ezagutzera ematea lagungarria dela uste dut. Diru laguntzak lortzea zaila izaten da gehienetan, batez ere ikerketa talde txikientzako, eta nahiz eta proiektu interesagarriak proposatu, askotan, babes faltagatik kaxoietan gordeta geratzen dira. Hau zailagoa bihurtzen da ikerketa-burua gaztea denean, arloa ekologia edo antzekoren bat denean eta ikerketek kutsu lokala dutenean. Beraz, "hemen gaude" esateko aukera ere izan da txiotesia nire kasuan.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Momentuz tesia idaztea; ez da erronka makala! Tesiaren azken urteari hasiera eman diot duela gutxi eta laginketak eta laginen analisia alde batera utzita, idazteko ordua heldu zait. Hala ere, ziur nago beste gauza askotan arituko naizela bitartean, taldean ateratzen diren proiektu ezberdinetan parte hartuz. Beraz, lanpetuta ibiliko naiz, erronkak ez dira faltako!