Dokumentuaren akzioak
#txiotesia6 lehiaketa eta Ikergazte 2023 aurkeztu ditugu gaur
Gaur, azaroak 16, #txiotesia lehiaketa eta Ikergazte kongresua aurkezteko prentsaurrekoa eman dugu streaming bidez. Aurkezpenean Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak; Zuriñe Etxanobek, Unibertsitatea.net atariko koordinatzaileak eta Ainhoa Latatuk, IKERGAZTE kongresuko koordinatzaileak parte hartu dute.
Ane Sarasuak, bi egitasmoak UEUren lan-ildo garrantzitsu bati erantzuten diotela aipatu du: “Urteak dira ikertzaile euskaldun gazteen ekarpena azpimarratu eta ikusarazten gabiltzala UEUn. Lehiaketa moduan nahiz kongresu formatuan, UEUk akuilu eta plaza izan nahi du ikertzaile belaunaldi berri hauentzat. 50. urteurrenaren markoan eta Euskaraldiaren baitan pozik aurkezten dizkizuegu bi egitasmo hauek”.
Azaroaren 22an egingo den #txiotesia lehiaketaren 6. edizioa aurkeztu du Etxanobek: "Twitterren egiten den lehiaketa da #txiotesia eta euskal ikertzaile gazteei proposatzen diegun erronka da beraien tesia euskaraz eta 6 txiotan laburtzea". Aurtengo edizioa 2019/2022 urte bitartean tesia aurkeztu duten ikertzaileei eta egiten ari direnei dago zuzenduta. Parte hartzeko izenik eman behar ez den arren, lehiaketan parte hartzeko argibide guztiak aurrez begiratzeko aipatu du Etxanobek.
Epaimahai batek izendatuko ditu banatzen diren bi sariak: "Txiolari ulergarriena" (500€) eta "Txiolari originalena" (300€) eta hauen berri abenduaren 1ean egingo den Sari banaketa ekitaldian emango da. "Sari banaketa Eibarren egingo da, Markeskoa jauretxean eta online egiten den lehiaketari presentzialtasuna emateko aukera aparta da". Irabazleez gain hizlari gonbidatu bat ere izango da, Aitor Cevidanes ikertzailea. Cevidanesek, ikerketa ibilbideko bizipenak kontatuko dizkigu.
Ainhoa Latatuk, bestetik, Ikergazte 2023 Donostian egingo dela aurreratu du, maiatzaren 17, 18 eta 19an. Gainera, kongresuaren indarguneak aipatu ditu: “IkerGazte kongresuaren balio garrantzitsua da barreiaturik dauden ikertzaile euskaldun gazteak biltzea, elkarren arteko harremanak ahalbidetuz. Horretarako, kongresuko edizio guztietan Euskal Herriko unibertsitate guztiek parte hartu dute, ekimena babestuz eta bultzatuz”.
Bere esanetan: "Kongresuaren muina ikertzaileek aurkezten dituzten komunikazioak dira eta komunikazioen deialdia gaur irekiko dugu, azaroaren 16an". Artikuluak idazteko ereduak eta bete behar diren baldintzak webgunean argitaraturik daude.
Prentsaurrekoa osorik hemen duzu: