Dokumentuaren akzioak
#txiotesia6 lehiaketako epaimahaia prest dugu
2022/11/03 - Unibertsitatea.net
Azaroaren 22an egingo da Txiotesia6 lehiaketa eta parte hartzaileen txioak baloratu eta irabazleak izendatuko dituen epaimahaia prest dago.
Azaroaren 22an egingo da "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketa: #txiotesia6. Euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea eta hauei izen-abizenak jartzea du helburu eta tesia egiten ari diren ikertzaileei edo 2019/2022 urte bitartean egin dutenei zuzenduta dago.
Sari bi banatuko ditugu: Txiolari ulergarriena (500€) eta Txiolari originalena (300€) eta parte hartzeko informazio guztia hemen duzu: Txiotesia, argibideak.
Parte hartzaileen txioak baloratu eta irabazleak izendatuko dituen epaimahaia ere prest dugu dagoeneko. Hona hemen aurtengo edizioan epaimahai lanetan arituko den boskotea:
- Uxoa Iñurrieta, itzultzailea eta hizkuntzalaritza konputazionalean doktorea da, eta UEUk UPV/EHUrekin batera ematen duen Irakaskuntza Masterreko irakasle dihardu gaur egun. UEUko Hizkuntzalaritza sailburua da, eta lankidetzan aritzen da Ixa ikerketa-taldearekin. Txiotesia3ko "Txiolari ulergarriena" izan zen.
- Miren Berasategi, Komunikazioan doktorea eta irakaslea eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean.
- Jon Mentxakatorre, Filosofia eta hezkuntza zientzietan doktorea da eta irakaslea eta ikertzailea Mondragon Unibertsitatean. UEUko Filosofia sailburua da.
- Oskar González, Kimikan doktorea da eta zientzia dibulgatzailea. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da gaur egun.
- Eider Urkola, Komunikazioan doktorea, egun Elhuyarreko komunikazio taldeko kidea da. #txiotesia5 edizioko "Txiolari originalena" izan zen.
Lehiaketa UEUren Unibertsitatea.net atariak antolatzen du eta 6. edizioan kolaboratzaile izango du UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedra.
Animatu eta parte hartu!