Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Unai del Burgo: "Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen 'bihotza' kontutan hartuko duena"

Dokumentuaren akzioak

Unai del Burgo: "Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen 'bihotza' kontutan hartuko duena"

2022/11/29 - Unibertsitatea.net

Unai del Burgo (Sopela, 1978) ekonomialaria da, UEUko Ekonomia Saileko kidea eta bere kontabilitate-administrazio ataleko teknikaria. UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko ikertzailea (GEZKI) ere bada eta zenbait ikasketa, ikerketa eta argitalpen egin ditu kudeaketaren, ekonomiaren zein zuzenbidearen alorrean, bereziki ekonomia sozialaren inguruan. Doktorea (Garapenari buruzko Ikasketak, HEGOA, UPV/EHU), Ekonomi-Zuzenbidean lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea), Negozioen Kudeaketan Graduatua (UPV/EHU) eta Masterrak ditu Enpresen Kudeaketa Ekonomiko Finantzarioan (UOC) eta Ekonomia Sozial eta Solidarioan (UPV/EHU). Bere doktorego-tesia Ikastolen Kooperatiba Mugimenduari buruz egin zuen: "Kudeaketarako adierazleen sistemak ekonomia sozialeko erakundeetan: ikastolen kooperatiba-esperientziaren kasua" (2020); GEZKIn defendatutako lehen tesia, eta oraindik ere ikergai horrekin lanean dabil. Zenbait urtez UPV/EHUn klaseak eman ditu Ekonomiaren Historiaren alorrean (2015-2019) eta UEUren Irakasleen Prestakuntza Masterrean Ekonomiaren Didaktikari buruzko modulua ematen du 2021etik. Gaur egun, Sopelako Udalaren zinegotzia da. Mendizalea da.

Zuzenbidean lizentziatu, enpresa zientzietan diplomatu... eta ikerketaren mundurako saltoa ere eman zenuen.

Ekonomia, politika eta bestelako gai sozialak beti interesatu zaizkit. Gainera, aspalditik dut nire burua prestatzeko grina eta urteetako garapen bat izan dut, zuzenbidetik kudeaketara eta kudeaketatik ekonomiara. Beti ere jakintza alor guzti horiek ikuspegi kritiko batetik ulertuta. Tesia egiteko hautua ere hor kokatzen dut, nolabait autodidakta izateko bidea erakutsi dit prozesu horrek. Ikasteko eta nire burua janzteko beste fase bat.

Ekonomia sozialaren eta solidarioaren gaia izan duzu tesian ikergai. Zer da baina?

Autoeraketarekin lotura zuzena duen kontzeptua da Ekonomia Soziala; zehazki burujabetza edo autogestio ekonomikoarekin. Enpresa-jarduera ulertzeko beste irizpide batzuk ematen ditu: pertsonak eta komunitatea jartzen ditu erdigunean, errealitatearekiko ikuspegi kritikoa du eta errealitate hori eraldatzen saiatzen da.

Emaitza ekonomiko eta sozialaren arteko oreka neurtzeko tresnak aztertu dituzu zuk.

Nire burua hainbat modutan definitu dezaket, hainbat saltsatan sartuta nagoelako. Baina lanbidez kontablea naizenez, kontabilitateak markatu du nire ikerketa-ildoa: ohiko kontabilitate-sistemek izaera monetarioa dute eta beraz, kontabilitateak arazoak ditu Ekonomia Sozialak biltzen dituen aldagaiak neurtzeko. Zelan neurtu eurotan gure langileen inplikazioa? Zelan neurtu gure erakundeak gizarteari egiten dion ekarpena? Zelan neurtu gure bazkideen asebetetzea? Azken finean, zelan neurtu maitasuna eta zoriontasuna?. Neurtzen ez dena ezin da kudeatu. Ekonomia Sozialeko erakundeetan, emaitza ekonomikoak helburu sozialak lortzeko bitartekoak besterik ez dira, helburu sozialek dute lehentasuna. Hori da aldagai sozialen eta ekonomikoen arteko oreka Ekonomia Sozialean. Eta "Kudeaketa Orekatua" denez, hori bideratzeko neurketa tresna propioak garatu behar dituzte Ekonomia Sozialeko erakundeek. Hor kokatu dugu gure ikerketa eta kudeaketarako neurketa-sistema berezi bat diseinatu dugu.

Ikastolen kooperatiba esperientziaren kasua baliatu duzu ikerketarako.

Ikastolak erreferentea dira Euskal Herriko kooperatibismoan. Kuantitatiboki zein kualitatiboki garrantzi handiko mugimendua da Ikastolena: 111 ikastola, 4.500 irakasle, 500 langile ez irakasle, 57.322 ikasle, Euskal Herri osoan kokatuak. Euskal Curriculumean oinarritutako hezkuntza-eredu propioa izanik (Euskara zein Euskal Herria ardatz), kooperatiben eredu juridikoaz baliatuz hezkuntza-komunitatearen parte-hartze zuzena ahalbidetzen dute ikastolek. Euskal Herri osoko ikastolen arteko elkartasuna ere nabarmendu behar dugu, horrek ematen baitie mugimendu izaera. Euskal Herria administratiboki zatituta egonik, kooperatiben arteko kooperatiba bat sortu dute ikastolek mugaren bi aldeetako ikastolen arteko elkarlaguntza bideratzeko: "Elkartasun Ikastolak europar kooperatiba elkartea". Kudeaketaren ikuspegitik eskarmentu handiko erakundeak dira Ikastolak, batez ere 2000. hamarkadan hainbat kooperatibetan erabateko kalitatean oinarritutako EFQM bezalako ereduak martxan jartzen hasi zirenetik. Egun Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren eredua oso zabalduta dago Ikastolen artean. Esandako guzti honengatik, Ikastolak ikergai aproposak dira gure "esperimentua" bideratzeko.

Badago beste arrazoi garrantzitsu bat Ikastolak ikergai gisa aukeratzeko: nahiz eta Euskal Herriko Ekonomia Sozialaren baitan erreferentzialtasun handia izan, akademiak ez du bere izaera kooperatiboa sakonki ikertu. Unibertsitate mailan ez zaio izaera horri garrantzirik eman eta gure ustez, horrek bere isla du Ikastolek gizartean duten zilegitasunean. Gure ikerketak hutsune hori betetzen lagundu nahi du.

Ikerketa bera oso aberasgarria izan da, ikertzailea bere bulegotik atera eta errealitatearekin hartu emanetan jartzea ahalbidetu duelako. Ikerketarako metodologia mistoa erabili genuen. Fase kuantitatiboan inkestak egin genituen ikastolen kudeaketa-praxia deskribatzeko eta 67 ikastolek parte hartu zuten. Fase kualitatiboan, ikastoletako 5 zuzendariri elkarrizketa sakonak egin genizkien. Elkarrizketa hauekin aurreko faseko deskribapena osatzea zen helburua. Ondoren, kudeaketan eskarmentu handia zuten 9 zuzendarirekin Delphi Analisia teknika abian jarri genuen. Honekin, beraien ideiak biltzea zen asmoa eta ekarpen horiekin "Ikastolen Kudeaketa Orekatuaren Sistema" izeneko tresna diseinatzea. Eta azkenik, tresna bera Ikastolen Elkarteko arduradunekin kontrastatu genuen. Oso prozesu aberasgarria izan zen.

Emaitzek zer erakutsi dute?

Alde batetik, Ikastolen arduradunek interes praktiko handia erakutsi zuten guk planteatutako gaiaren inguruan: helburu sozial eta ekonomikoen arteko orekaren kudeaketa. Bestetik, gure proposamenak potentzialitate handia duela baieztatu zuten Ikastolen Elkarteko arduradunek. Hau da, ikastolen kudeaketa hobetzeko errealitatean aplika daitekeela, ikuspegi sozial eta eraldatzaile batetik. Azken finean, horixe da Kooperatibismoaren izateko arrazoia.

Gainerako ESEentzat ere baliagarria izan daiteke erabilitako metodologia?

Gure ustez, bai. Aldagai monetarioez harago doan kudeaketarako adierazleen sistema integral bat oso aberasgarria izan daiteke Ekonomia Sozialeko edozein erakunderentzat, beti ere bere beharretara eta ezaugarri berezietara moldatzen baldin bada. Kontabilitatea ulertzeko beste modu bat proposatzen dugu, Ekonomia Sozialeko erakundeen "bihotza" kontutan hartuko duena.

Txiotesian esan zenuen: "Gure inguruko udaletan horrelako tresnarik aplika daiteke?". Posible ikusten duzu?

Azken urteetan, eta bereziki Sopelako Udalaren zinegotzi naizenetik, Ekonomia Sozialaz gain Ekonomia Publikoa ere izugarri interesatzen zait. Aldagai sozialak sistematikoki neurtu behar direlakoan nago, baita erakunde publikoetan ere, eta ez "propaganda politikorako", baizik eta kudeaketarako.

Ikerketa prozesuan funtsezkoa izan da elkarlana.

Ekonomia Sozialean elkarlana funtsezkoa da eta gure tesian horrela izan da. Alde batetik, funtsezkoa izan da UPV/EHUko GEZKI Institutuaren izenean ikerketa hau gauzatzea, babes instituzionala izatea beharrezkoa da. Ikerkuntza ezin da izan ekintza indibidual bat, ekintza kolektiboa da. Bestetik, Ikastolen Elkartearengandik jaso dugun laguntza eskertzekoa izan da, ezinbestekoa. Errealitatearekin lotura zuzena ez duen ikerketa bat hankamotz gelditzen da. Ikerkuntzak errealitatea eraldatzea izan beharko luke azken helburu gisa.

Zein erronka dituzu orain eskuartean?

Ikastolekin jarraitzen dugu kontaktuan. Gure erronka nagusia "Ikastolen Kudeaketa Orekatuaren Sistema" operatibo bihurtzea da, hau da, Ikastolen eguneroko errealitatean aplikatzeko modukoa egitea. Teoriatik praktikara egin nahi dugu salto.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Ilusio handiz parte hartu nuen aurreko deialdietan. Dibulgazioa, euskara eta kreatibitatea modu hobeezinean uztartzen ditu Txiotesiak.

 

txiotesia logoaH elkarrizketetarako